XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EMAKUMEA IDAZLE Izenburu batean emakume hitzaren atzetik kultur izen bat jartzen den bakoitzean, zerbait errebisatu nahi dela adierazi nahi da, disziplina bat beste ikuspuntu batetik aztertu nahi dela.

Emakumea eta historia, emakumea eta antropologia, emakumea eta literatura.

Emakumeok duela hamar edo bost urte sortu izan bagina bezala.

Eta gizartearen maila batean horrela da: gure gizartean oraintsu hasiak gara emakumeok pertsona heldu izateko dugun eskubidea erreibindikatzen.

Eta oraindik oraintsuago praktikatzen.

Bistan da, gauza bat dela literaturaren historia (eszepzio eta guzti, gizonezkoek egindako literaturaren historia) eta beste bat, literatura eta emakumea, gaur lantzen tokatu zaidan gaia.

Eta txosten honen helburua mugatzeko, gauza pare bat esan beharra dago, aldez aurretik.

Bat, tentazioa haundia bada ere, ez naiz ahozko literaturaz mintzatuko, ezta emakumeok (zenbaitek behintzat) musa inspiratzaile bezala izan dugun paperaz.

Emakume idazleaz mintzatuko naiz, bakarrik.

Eta bi, txosten honen egilea ez da ikertzaile ez historiadore; gehienez jota ere, idazle.

Eta neure esperientzia pertsonala dut abiapuntuz; esperientzia eta bertatik sortutako kezkak garbitzeko egindako erreflexio apala eta sukartsua.

Beraz, eskasiaren eskasiaz egindako txosten baten aurrean zaudete.

Eta eremu mingarri honetan aurrera egin baino lehen, Bizenta Mogel aipatu nahi dut.

Gaur idazle honen bigarren mendeurrena ospatzen ari garelako eta Ipuin Onak deritzan liburuan egileak berak jartzen duen hitzaurreak gaur ikutzen ari garen gaia ondo argitzen duelako.

Ipuin liburu hau argitaratu zen momentuan, hemeretzigarren mendearen hasieran, jaio ziren Ingalaterran emakume nobelari famatuenak, Bronte ahizpak, apaiz baten alabak.

Beraz, Bizenta bera bezala, elizaren itzalean ikasiak.

Ohiturak ematen zion Bizentari gertakari eskandaloso hau suabizatzeko irtenbide bat: liburua gizon baten izenaz argitaratu.

Ingalaterran bertan, Emily Brontek berrogei urte beranduago horrela argitaratu zuen lehen nobela.

Frantzian eta Espainian ez dira ere mota honetako adibideak falta.